Lainoa edo hodeia, cloud bezala ere ezaguna eta beraz zeruan irudikatzen duguna, Lurra planetako txokoren batean aurkitzen den ordenagailu bat besterik ez da. Bizkorragoa izan daiteke, motelagoa, indartsuagoa edo kaxkarragoa agian, baina, pertsona, erakunde edo enpresa pribatu baten esku dagoen zerbitzaria da. Lainoa.eus Euskal Herrian kokatzen da. Bertako jendeak bertako jendearentzako kudeatzen duen zerbitzaria da, gertukoa eta konfidantzazkoa.
Lainoa.eus edo antzeko zerbitzuak erabiliz, konfidantza eskeintzen dizuten ezagunenak edo norberak bereak eraikiz bada ere, izan zaitez aske, burujabe, har ezazu zure datuen kontrola. Pribatutasunik gabe ez dago askatasunik.
Jabber/XMPP denbora errealeko komunikazioetarako protokolo ireki eta hedagarria, bat-bateko mezularitza aplikazioetan erabiltzeko sortu zen. Hainbat mezularitza zerbitzu protokolo honetan oinarritzen dira, zalantzarik gabe ezagunena, Whatsapp. Beraz mezularitza zerbitzu jabedunen1 alternatiba baina gehiago, hauen jatorrian kokatu dezakegu kasu askotan. Bere sarearen egitura deszentralizatua posta elektronikoaren parekoa da, domeinu desberdineko zerbitzarien arteko komunikazioa ahalbidetzen du muturretik muturrerako zifratuarekin. Nornahik eraiki dezake bere zerbitzari propioa norbanako eta erakundeei euren komunikazioen kontrola eskainiz.
Erabiltzen hasteko zerbitzari bat aukeratu behar duzu (Zerbitzari publikoen zerrenda ) eta bertan erregistratu. Ondoren, zure JID edo erabiltzaile izenaz saioa hasi ahal izango duzu gogokoen duzun bezero edo aplikazioa erabiliz. JID edo Jabber ID-a erabiltzaile eta domeinu izenaz osatzen den identifikatzailea, Lainoa.eus zerbitzarian izena@lainoa.eus izango litzateke.
Conversations | Android |
Siskin IM | iOS / macOS |
Dino IM | Linux |
Gajim | Linux / Windows |
ConverseJS | Nabigatzailea |
Nextcloud plataformak datuen eta komunikazioen gaineko erabateko kontrola eskaintzen du. Erabiltzailearen esku dago argazki eta dokumentuak non biltegiratu erabakitzea, konfidantzazko lagun baten zerbitzarian, erakunderen batek eskaintzen duen batean edo norberarenean. Dokumentuen partekatze eta elkarlanerako eskaintzen dituen tresnek Google Drive edo Dropbox-en alternatiba bilakatzen dute.
Plume artikuluak modu polit eta sinplean argitaratzeko aukera eskaintzen duen deszentralizaturiko blog plataforma da. ActivityPub protokoloari esker fedibertsoko erabiltzaileek blogak jarraitu edo edukien laster-markak egin eta elkarbanatzeko aukera izango dute.
Lainoa.eus-en blogintzarako tresna hau jarri dugu abian. Idaztea gogoko baduzu eta zure ideiak fedibertsoan zabaldu nahi badituzu...
Minetest mundu ireki edo sandbox motako joko libre bat da. Blokez osaturiko mundu bat oinarritzat izanik jokalariak gauzak sortu eta bere ingurunea eraldatzen joan behar du. Infiniminer eta Minecraft jokoetan dago inspiratua. Hein handi batean garatzaile komunitateak sustengatzen duen mod bildumak jokoa norberaren gogo eta beharretara egokitzea ahalbidetzen du.
Jolasteko zure plataformari dagokion bertsioa instalatu behar duzu lehenik, jarraian nola jolastu nahi duzun erabaki, offline, norberaren gailua zerbitzari bihurtu eta sare berdinean aurkitzen diren jokalariak batuz edo zerbitzari publiko batean sartuz; Lainoa.eus 30000 atakan1 zehaztuz adibidez.
Lainoa.eus proban dagoen zerbitzaria da eta gabezia asko antzemango dizkiozu oraindik. Minetest-en esperientzia gozagarri bat izan nahi baduzu ezin duzu Illuna ezagutu gabe gelditu.
Mumble voIp edo ip bidezko ahots-berriketa eta multikonferentzia aplikazio librea da. Gaming eta bideojoko arlora bideratura dagoela esan daitekeen arren, beste hainbat erabilpen motarentzat ere irtenbide egokia izan daiteke erabil-erraztasuna eta latentzia baxua bilatzen direnean, erabiltzaile ugariko bilerak, irratsaioak, etab.
Mumble bateragarria da plataforma nagusienekin, Windows, MacOS, Linux, Android edo iOS. Erabiltzen hasteko, deskargatu bezero aplikazioa eta zehaztu gogokoen duzun zerbitzaria. Gurea mumble.lainoa.eus 64738 atakan.1
Ubuntu Touch mugikor eta tabletetan esperientzia zeharo desberdina eskaintzen duen sistema eragilea da, beste aukera batzuekin batera, merkatuan nagusi diren sistema eragileen alternatiba delarik. CanonicalTM-ek abian jarri zuen proiektua Ubports fundazioak gidatzen du gaur egun, ahal den heinean1 kode irekidun eta askeak diren lizentziekin banatuz, Free Software Foundation-en bermeaz.
Ubports komunitate irekia da eta edonork egin dezake bere ekarpena. Hauek dira gure aplikazioak eta OTA-4 eguneraketaz geroztik ofizialak diren zenbait horma-paper2.
Lainoa.eus, internet erabiltzaileon pribatutasun eta askatasunak arduratuta sorturiko oinarrizko zerbitzu multzoa da, software librea lehenetsiz eta deszentralizazio ereduan oinarriturik; Bere apaltasunean, erabiltzaile talde txikira mugatua.
Google, Apple, Facebook, Amazon, Microsoft, GAFAM bezala ezagutzen direnen, eta antzeko erraldoi teknologikoen negozio ereduari ihes egin eta burujabe izatea da begiz jota daukagun erronka. Egin urratsa!